XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Praktika juridikoa gaztelaniaz egiten da ia erabat.

Euskalerrian ematen den zuzenbidea zuzenbide erdalduna da.

Euskadiko biztanleriak administrazioarekin euskaraz komunikatzeko eskubidea izanik ere normalean gaztelania da nagusi.

Orduan zertarako aritu euskaraz?

Hauxe da zuzenbide-munduan hamaika aldiz egiten den galdera.

Gaztelaniaz egiten den hori euskaratzerakoan (unibertsitatean) zailtasun askorekin topo egingo dugu.

Praktika gaztelaniaz egiten denez gero praktika hori euskaraz ispilatzerakoan artifizialtasun-itxura bat ibiliko zaigu buruan jiraka: askotan ez gaude zihur gaztelaniazko praktika hori den bezala euskaraz agertzeko gai ote garen, normalago eta errexago bailitzateke praktika hori bere hizkuntza horretan utzi, argetu eta komentatzea.

Adibidez, Eusko Legebiltzarreko lege bat interpretatzerakoan nola ekin?

Pentsatu behar dugu lege hori gaztelaniaz eztabaidatua izango zela eta beraz travaux préparatoires (aurreproiektuak, eztabaidak, etab) gaztelaniaz egongo direla, antecedentes legislativos deritzenak bezala.

Aprobatutako testua seguruenik gaztelaniazkoa izango da zeren eta lege horri baiezko botua eman ziotenek gaztelaniaz irakurriko zuten (erizpide subjektibo eta erizpide historikoaren arabera beraz legegilearen borondatea gaztelaniazko borondate bat da); erizpide testuala edo literalaren arabera lehenbizikoz gaztelaniazko bertsioa irakurriko da (praktika judizialean hala gertatzen delako) eta zalantzarik balego orduan posible izango litzateke euskarazko bertsioa kontutan hartzea (abokatu batek euskarazko bertsioaren gain argudiatzen badu esate baterako).

Testuinguruaren erizpideari kasu eginez gero hau da, testu bat ulertu eta interpretatzeko bere inguruari begiratu behar zaiola dioen erizpidea jarraituz gauza bera gertatuko da (inguruko testuak gaztelaniaz irakurriko baitira) eta erizpide gonbaratzailearen arabera beste jurisdikzioetan egin diren legeak aztertu behar direnean, hauek ere erdararen batean egongo dira.

Arazo hauek euskal legegile batekin gertatzen badira nola ez dira bada gertatuko erabat gaztelaniaz dagoen lege batekin, kode zibilarekin adibidez?

Lege horren inguruan interpretazio galderarik sortzen bada gaztelaniaz eztabaidatuko da praktikan.

Eta praktikan hala bada, teorian euskaraz egiteak ez al du zentzu batean praktika hori bortxatzen?

Egia esan, errealitateak pesimista izatera bultzatuko gintuzke: hirugarren handikap hau hizkuntza gutxiengotu baten egoeraren ispilu bat da.

Denborarekin gero eta euskara gehiago erabiliko al da zuzenbidearen mundu praktikoan?

Saiatzen al dira zuzenbidearekin zerikusirik dutenak gero eta euskara gehiago erabiltzen?

Horrexegatik euskaraz aritzen den unibertsitate-irakasle bati planteatzen zaiona hauxe da: bizitza akademikoa erdaraz garatu (eztabaida teorikoak sortu, kritika egin, teoria berriak proposatu, artikuluak eta liburuak idatzi e.a.) ala euskaraz gero eta gehiago egiten saiatu: (...).